Gizarte Ekonomia eta bere Zuzenbidea Research groups

Taldea zazpi kidek osatzen dugu, guztiak EHUko irakasle doktoreak, bost ekonomilari eta bi jurista. Zazpi kideon ikerketa lerro komuna gizarte ekonomia da. Zazpiak EHU barruko GEZKI (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) Institutuko kideak gara.

Gure ikerketa lerroak GEZKIk jorratzen dituen bostak dira (www.gezki.eus): Demokrazia eta langileen parte hartzea enpresan; Ekonomia sozial eta solidarioa eta berrikuntza soziala; Gizarte ekonomiako erakundeen gobernantza eta zuzenbidea; Gizarte ekonomiaren sustapenerako politika publikoak, eta Globalizazioa eta kooperatiben nazioarteratzea.

Gainera, deialdi honetan gure zazpiko taldea zabaldu nahi dugu, gaur egun elkarlanean aritzen garen beste lau lankide aintzat hartzeko. Lau hauekin esparrua zabaldu nahi dugu, Xabier Itçaina Bordeleko Unibertsitatean baitago, Ignacio Bretos Zaragozako Unibertsitatean, Orestes Rodríguez Kubako Pinar del Rioko Unibertsitatean, eta Santiago Merino Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan, Letratu gisa.Gizarte ekonomiari, GEZKIren baitan egiten dugun moduan, aldi berean ekonomia eta zuzenbidearen ertzetatik ekin nahi diogu, horregatik aurkezten gara deialdi honetara diziplina arteko ikerketa talde gisa, honek gure ikerketa lanari balio erantsi bat ematen diola sinetsita.    

Gizarte ekonomiako erakundeak enpresa eredu kapitalistatik aldentzen dituen ezaugarriei erreparatzen diegu. Funtsean, parte hartzean eta auto-eraketan oinarritutako erakunde demokratikoak izanik, dituzten elementu bereizgarrien analisian zentratzen gara. Parte hartzearen hiru atalak aztertzen ditugu: kapitalean, erabakietan, eta mozkinetan. Ikuspegi juridikotik, zuzenbide kooperatiboak ahalbideratzen duen autoeraketa printzipioa Lanaren Nazioarteko Erakundearean "lan duina" kontzeptuarekin nola uztartu aztertzen dugu.

Gizarte ekonomiako erakundeen kanpo dinamikari dagokionean, horiek beren lurraldeko tokiko garapenean nola txertatzen diren dugu aztergai. Honela, berrikuntza sozialaren optikatik, erakunde horiek lurraldean sortzen dituzten gobernantza eredu berritzaileei eta ekintzailetza eredu eraldatzaileei erreparatzen diegu. Bigarrenik, herri erakundeetatik gizarte ekonomiako esperientziak sustatzeko erabiltzen diren politika publikoen analisia ere burutzen dugu. Eta hirugarrenik maila globalago batean, gizarte ekonomiako erakundeek beren nazioarteratze prozesuak nola burutu dituzten analisi kritikoa ere burutzen dugu.

Aldi berean, eredu ekonomiko horri dagokion zuzenbidea osoa aztertzen dugu. Gizarte ekonomiaren sustapena eta garapenari egoki zaion zuzenbidea. Ikuspegi juridikotik, mugarria izan da, mundu mailan, Espainiar estatuko Gizarte Ekonomiaren Legea (5/2011 Legea, martxoak 29koa). Lege horrek, lehen aldiz, gizarte ekonomiaren ezaugarriak definitu ditu, eta sektore ekonomiko horretan dauden entitateak zerrendatu.

Zuzenbide kooperatiboak tradizio luzea du baina, kooperatibak gizarte ekonomiaren osagai nagusia izan arren, bestelako figurak aztertuko ditugu (5/2011 Legekoak): lan-sozietateak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, enpleguko zentru bereziak, gizarteratze enpresak, edota elkarte eta fundazioak.Diziplina arteko talde honen elkarlanerako esparrua beraz ikerketa objektuak berak zehazten du, hots gizarte ekonomiak. Baina era berean, ikerketa taldeko kide guztiak GEZKI institutuko kide garen neurrian, institutuaren jardueraren baitan burutzen diren hainbat ekimenetan hartzen dugu parte elkarrekin. Esaterako, GEZKI institutuak garatzen duen EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren Master Ofizialaren baitan, hainbat eta hainbat argitalpen eta komunikazio idatzi dugu elkarrekin, eta hainbat eta hainbat ikerketa egitasmo eta kontratutan jardun dugu elkarrekin lanean.

Campo de investigación

Social Sciences & Humanities

Institución
University of the Basque Country (UPV/EHU)
Investigador principal
Aitor Bengoetxea Alkorta
Dirección
FACULTAD DE DERECHO
Cómo llegar
Principales líneas de investigación.
  • Berrikuntza soziala
  • Lan duina (Lanaren Nazioarteko Erakundea) eta zuzenbide kooperatiboa
  • Parte hartzea eta gobernantza
  • Politika Publikoak
  • Globalizazioa eta nazioarteratzea